19 mar 2014

'Pierrot izeneko automata' Bernardo Atxaga Arriagan


Atxaga Arriaga antzokian

Joxe Anjel Arbelaitzen 'Leku hutsak, hitz beteak' lana.


Adan eta bizitza

Gaixotu zen Adan paradisua utzi eta aurreneko neguan,
eta eztulka, buruko minez, hogeita hemeretziko sukarraz,
negarrari eman zion Magdalenak gerora emango bezala,
eta Evagana zuzenduz "hil egingo naiz" esan zion oihuka,
"gaizki nago, maite, hilurren, ez dakit zer gertatzen zaidan".
Harritu egin zen Eva hitz haiekin, hil, hilurren, gaizki, maite,
eta berriak iruditu zitzaizkion, hizkuntza arrotz batekoak,
eta ezpain artean ibili zituen maiz, hil, hilurren, gaizki, maite,
harik eta zehazki ulertzen zituela iruditu zitzaion unerarte.
Ordurako sendatua zegoen Adan, eta poz pozik zebilen.
Paradisuaz geroko lehen gertaera hark segida luzea izan zuen ,
eta lehengoez gain, hil, hilurren, gaizki, maite, Adan zein Evak
hitz berriak ikasi behar izan zituzten, min, lan, bakardade, poz
eta beste hamaika, denbora, neke, algara, eder, ikara, kemen;
hiztegia hazten zenarekin batera, zimurtuz joan zitzaien azala.
Zahartu zen erabat Adan, sentitu zuen hurbil heriotzaren ordua,
eta Evarekin elkarrizketa sakon bat izateko gogoa sortu zitzaion;
"Eva", esan zion, "ez zen ezbehar bat izan paradisuaren galtzea;
oinazeak oinaze, minak min, gure Abelen zoritxarra halako zoritxar,
bizi izan duguna izan da, zentzurik nobleenean esanda, bizitza".
Adanen hilobi atarian malko arruntak ixuri ziren, gatz eta urezkoak,
lurrera erortzerakoan hiazinto edo arrosa alerik eman ez zutenak,
eta Kain izan zen, paradoxaz, negarrez bortitzen puskatu zena;
Gero Evak irribarre xamurrez gogoratu zuen Adanen lehen gripea
eta halaxe, lasai, etxera joan eta salda beroa hartu zuten, eta txokolatea.

No hay comentarios: