29 jul. 2012

Euskal Herriko V. Inkesta Soziolinguistikoa - Pastorala

Laburpena:

Euskal Herrian, elebidunen kopurua gora doa eta gaur egun euskal herritarren %27 elebiduna da. 16 urte edo gehiagoko biztanleen artean, 1991n baino 185.600 elebidun gehiago daude 2011n. Elebidunen hazkundea Nafarroan eta, batez ere, EAEn gertatu da. Iparraldean, aldiz, oraindik ere galerak daude, baina gazte elebidunen kopurua hasi da dagoeneko gora egiten. Elebidunen kopurua gehitu den arren, euskararen erabilera gaur egun 1991n baino txikiagoa da. Gizartean oro har nabarmen hazi da euskararen erabilera, baina gaur elebidun direnek ez dute 1991n elebidun zirenek baino gehiago erabiltzen euskara. Hala ere, 2001etik aurrera joera-aldaketa bat egon da eta gazte elebidunek gaur egun duela hamar urte baino gehiago erabiltzen dute euskara EAEn eta Iparraldean, baina ez Nafarroan.




Bestalde, transmisioari dagokionez, guraso biak elebidunak direnean, euskararen transmisioa ia erabatekoa da EAEn eta Nafarroan (%97 EAEn, %95 Nafarroan), baina ez Iparraldean (%87). Bikote mistoen kasuan transmisioak gora egin arren, ez da erabatekoa (%71 EAEn, %67 Nafarroan eta %56 Iparraldean).

Jose Mendiage pastorala





Abuztuaren 5ean , Jose Mendiage idazleari buruzko pastorala jokatuko du Arrokiagako herriak, Jean Bordaxarrek idatzia. Mendiage (1845-1937) Ameriketara joan zen hemezortzi urte zituela eta Argentinan, Txilen eta Uruguain bizi izan zen Montevideon hil zen arte. Itsasoaz bestaldean ezagutu zituen Iparragirre, Otxalde eta Otaño. Zazpiak bat liburuan (1900) eta aldizkarietan argitaratutako Mendiageren bertso eta olerkiak Piarres Xarritonek batu zituen 1992an Jose Mendiague, haren bizia eta haren kantuak bilduman, tartean noski Kantuz izeneko oso ezaguna. Pastoralaren mustrakako irudiak (uztailaren 15ean hartuak) Kanaldude telebistan dituzu.



No hay comentarios: