13 jun. 2008

'English fashion'



Euskadi Kirola Fundazioak kirolariak diruz laguntzeko programa bat abiatu du. Eta ingelesa dotoreziaren bermea baita, Basque Team deitu diote ekimenari. EAJ alderdiaren geroa aztertzen ari da, eta gauza jakina baita ingelesa dela etorkizuna, Think Gaur iragarki kanpaina plazaratu dute jeltzaleek. Eta ingelesa baita bikaintasunaren motorra, Iñaki Irazabalbeitiak salatu berri du bere blogean ingelesarekin lustratzen ari garela gure ekimenak: Bilbao Exhibition Centre, Best, Tolosa Puppet International Centre, Bilbao World Series, Donostia International Physics Centre, She is in fashion, Bilbao Live Festival...
Aztertzekoa da euskararen fetitxismoak ez ote dion bidea eman ingelesarenari. Baina azterketa egin bitartean, on da gogora ekartzea gure zaharrek egiten zioten kritika latinaren distirari:
-Latinez, nahiz eta batere jakin ez!
Besterik uste badugu ere, ez, ez gara batere orijinalak.

Anjel Lertxundi

No hay comentarios: