19 jun 2007

Jakintzaren ederra: Zientziak eta literaturak dibulgazioaren garrantzia azpimarratu dute ZIO Festan

Zientzia dibulgazioa sasoian dago, eta alor honetan dihardutenen zeregina gero eta garrantzitsuagoa izango da kultura literarioa eta kultura zientifikoaren etena leuntze aldera. "Zientziari buruz behar bezala informatuta dagoen gizartea, gizarte helduagoa da, askeagoa", esan du Pedro Migel Etxenike nafar zientzilari ezagunak.

Elhuyarren itzal luzea

Elhuyar Fundazioa ezinbesteko erreferentzia bilakatu da euskarazko zientzi dibulgazioan, eta erakunde honek izandako bilakaerak "sektorearen osasun ona" islatzen du, Itziar Nogeras zuzendari nagusiaren hitzetan.

Fundazioa duela 35 urte sortu zen. 1974an, izen bereko aldizkaria plazaratu zuen, Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteak argitaratzen zuen buletinaren eranskin gisa. Elhuyar aldizkariak 232. alea argitaratu berri du, eta horrez gain, Fundazioak Norteko Ferrokarrilla eta Teknopolis dibulgazio saioak ekoizten ditu -lehenengoa 1995etik eta bigarrena 1999tik- Euskadi Irratia eta Euskal Telebistarako.

Teknologia berrien alorrean, Zientzia.net aldizkari elektronikoa, Basqueresearch.com ataria eta Zernola.net gazteentzako webgunea kudeatzen ditu, baita Interneten erabiltzeko moduko euskara-gaztelania hiztegi bat ere. 1994az geroztik, CAF Elhuyar sariak antolatzen ditu dibulgatzaile berrien harrobia sustatzeko. "Gure produktuak kontsolidatuta daude, eta bisitarien goranzko joera ikusita, euskarazko zientzia dibulgazioa txukun eta kalitatez landuta dagoela esan genezake", adierazi du Nogerasek.

Datozen hilabeteotan, erronka berriak hartuko ditu bere gain. Teknopolis telesaioa berritu eta EHUko Kazetaritza Fakultatean hizkuntza gutxituetako zientzia dibulgazioari buruzko master profesional bat abiarazteaz gain, 2008. urteko udazkenean, BTEK Teknologiaren Interpretazio Zentroa zabalduko du Bizkaiko Parke Teknologikoan, Iruñeko Planetarioa eta Donostiako Kutxagunearen osagarri.

EHUn ere, zehaztuta eta enkargatuta dauzkate ZIO bildumaren barruan plazaratuko diren hurrengo lau aleak: Graham Farmeloren Eder behar du; Marc Hauserren Gogamen basatiak, Steve Pinkerren Hizkuntza sena eta Antonio Damasioren Descartesen errorea.

Eskertzekoa da. Haiekin ikasi nuen dakidan euskara zientifikoa.

No hay comentarios: