7 dic. 2006

'%100 afrika' ERAKUSKETA









%100 Afrika-k gaur egungo arte afrikarrari buruzko erakusketa izan nahi du. Ez dugu gauza handirik ezagutzen Afrikan egiten den arteari buruz, ezta kulturan orokorrean egiten dutenari buruz ere. Ezezagun handia da Afrika kontinentea guretzat eta ez beste edozein toki baino urrutiago dagoelako, ez dugulako ezer jakin nahi baizik. Europatik 16 kilometro eskasetara dagoen kontinenteak buruhausteak besterik ez dizkie ematen gure agintari demokratikoei: aberastasuna lapurtzeko zailtasunak, gugana etorri nahi duen jende oldea, integrismo islamiarren arriskuak iparraldeko eta erdialdeko herrialdetan, eta abar.

Baina noizean behin behera begira jartzen gara eta hegoaldean ere jendea bizi dela konturatzen gara, eta gainera guk egiten ditugun gauzak egiten dituen jendea dela, eta artea egiten dutela, eta arte hori interesgarria izan daitekeela, eta museo batean jarri daitekeela, eta jendea erakartzen duela, eta sarrerak dirua ematen duela, eta...

1989an deskubritu omen zuen Europak beste kontinentetako arte garaikidea. %100 Afrika erakusketako arduradunetako batek, Andre Manginek, Les Magiciens de la Terre izeneko erakusketa mitikoa antolatu zuen Parisko Pompidou Zentroan eta begiak zabaldu omen zizkion Europako arte munduko jendeari, beste kontinenteetan ere artea egiten zutela ohartaraziz.

Eskerrik asko Andre! Ordutik badakigu Afrikan, Asian eta Ozeanian bizi diren indigenek artea egiten dutela, baino ez arte etnikoa, arte garaikidea baizik. Parisko erakusketaren oihartzun handia Jean Pigozzi bildumagile suitzarraren belarrietara iritsi zen eta Afrikako artea erosten hasi zen. Urtetan bildutako artelanak dira orain Bilbon ikus ditzakegunak.

Erakusketa ikusgarria da, batez ere Ettore Sottas diseinatzaile italiar ezagunak egin duen ibilbideari esker eta, nola ez, Afrikako arteak duen kolore eta bizitasunari esker.

Hala ere, betiko zalantzak argitzeko daude. Erakusketa %100 Afrika da, horretan ez dago zalantzarik, baina ez da Afrika %100ean. Afrikako herrialde asko falta dira, adibidez Afrika zuria izenekoa, hau da, iparraldea. Bestalde, aurretik ohartarazi gaituzte ez dagoela diasporako artistarik, hau da, afrikarrak diren artistak baina kanpoan bizi direnak. Zergatik?

Baina gauzarik inportanteena aipatu behar dugu: bilduma pribatu bateko lanak dira; seguru asko Afrikako arte garaikideari buruz dagoen onenetakoa da, baina bilduma pribatua, horrek duen aldeko eta kontrako gauzekin. Adibidez, zaila da Afrikan egiten ari den arte osoaren ikuspegi bat eman bilduma pribatu baten bidez, nahiz eta oso erakusketa ona antolatu daitekeen bilduma pribatu baten bidez.

Hala ere, burura etortzen zaidan galdera nabarmenena zera da: ea kontinente bateko arteari buruzko erakusketarik egin daitekeen.

ARGAZKI ETNOGRAFIKOAK. Gauza batzuek harritu naute. Adibidez, pintura guztiak Afrikari buruz espero duguna betetzen duela, koloretsuak eta naif xamarrak dira aukeratutako ia artista guztiak. Bestalde, eskultura eta pintura lanak gaurkotasun handikoak dira, azken sei urtetan egindakoak, baina argazkigintzan ez da irizpide bera jarraitu eta 50eko hamarkadako argazkiak ere ikus ditzakegu, batzuek gaur egun aldatuta (tamainaz aldatuta, adibidez).


Lekua: Bilboko Guggenheim museoa Noiz arte: 2007ko otsailera arte.

No hay comentarios: